- Bilbon EAJ-PNVko mila emakume eta gizon baino gehiago bildu dira, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak ordezkatuz.
EAJ PNV prest dago jadanik ostegunean abiatuko den hauteskunde-kanpaina handiari aurre egiteko. Lantalde zabala osatuz, Bilbon Bizkaiko hainbat herri eta hiritako mila emakume eta gizon baino gehiago bildu dira, alderdi jeltzaleak maiatzaren 28ko hauteskundeetarako aurkeztu dituen hautagai-zerrendak ordezkatzeko. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta berraukeratua izateko hautagaia, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatu eta Ahaldun Nagusigaia, Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidente eta berraukeratua izateko hautagaia, Bizkaiko hauteskunde-barrutietako zerrendaburuak, hainbat udalerritako alkategaiak eta Olatz Garamendi eta Gotzone Sagardui sailburuak.
Kanpaina-aurreko azken ekitaldi jendetsu honetako buru izan da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko Presidentea, eta EAJ-PNV ordezkatzen duten pertsona guztien konpromisoa eskertuz, argi utzi du “Bizkaian geure alderdia dela Lurraldeko herri guzti-guztietan hautagaiak aurkeztu dituen bakarra”.