JUAN MARI ABURTO

“Nire konpromisoa urteko 365 egunetan ehuneko ehuna ematea da. Atsedenik gabe. Hurbiltasunez eta Bilboko auzo guztietako herrikideek adierazi behar digutena entzuteko prest”

aburto
"Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea naiz eguneko 24 orduetan, eta halaxe jarraituko dut."

Bilboren aldeko konpromisoa


Agintaldi honen balantze azkarra eginez gero, oso pozik nago 2015eko ekainaren 13az geroztik Udaletxeko kudeaketan egin dugun lanarekin.

Akordioak, Egonkortasuna, Leialtasuna, Gardentasuna eta Bilboko herritarren mesedeko Kudeaketa nekaezina izan dira nagusi agintaldi honetan.

Ilusioz beteta nago eta indaberrituta nator berriz ere gure Hiriaren etorkizunaren alde eta gure hiriaren onena irudikatzen duzuen bilbotar guztion ongizatearen alde hartu dudan konpromisoa aurrera ateratzen jarraitzeko.
Gora Bilbao!!

Honelakoa naiz


Indautxun jaio nintzen 1961eko martxoaren 28an, ‘Esne tanta’ izeneko klinikan, gaur egun Indautxu hotela dagoen tokian.

Nire haurtzaroaren hasieran, 8 urte bete arte, Zurbaranen bizi izan nintzen, Guridi Musikariaren Plazan. Eta gero, Luis Briñas kalean, Ingeniaritza Eskolaren aurrean, eta 18 urte bete ondoren, Areetan bizi izan nintzen familiarekin, harik eta 1987an, Deustun ere lagun eta adiskide izan nuen Arantza Diez deustuarrarekin ezkondu eta… gaur arte.

Lehenengo, Santiago Apostolua Ikastetxean ikasi nuen, eta gero, Bilboko La Salle ikastetxean. Garai hartan, kalea izaten zen gure futbol-zelaia, eta Iribar eta Txetxu Rojo miresten genituen. 1979tik 1984ra bitartean, Zuzenbidea ikasi nituen Deustuko Unibertsitatean.

EAJ-PNVrekiko lotura nerabezarotik datorkit. 14-15 urte nituela, Alderdi Egunera joaten hasi nintzen, berezko gogoak bultzatuta. Bereziki gogoratzen dut 1982ko Alderdi Eguna, Getxokoa. Euri jasa itzela izan zen egun hartakoa, eta Arantzak eta biok gurasoen etxera joan behar izan genuen sikatzera. Halaxe ezagutu zuten aitak eta amak gerora errain izango zutena.

Egun hartan, EGIko mutil batek hitz egin zuen, Iñigo Urkulluk. Harrotasun osoz esan dezaket orduko gazte hura lagun dudala gaur egun; bere ondoan eta bere agindupean lan egin dut eta, niretzat, euskal politikaren erreferente nagusienetakoa da, zalantzarik gabe.

aburto
"Hurbila, arduratsua, konprometitua, oso langilea, lagunen laguna eta familia girokoa."
aburto
"Hitzeko eta bakebidezko gizona naiz, talde-lanaren aldekoa, gizarteko desberdintasun eta bidegabekerien aurkako borrokari estu-estu lotutakoa. Autokritikoa, ekintzailea, etengabe hobetzeko helburuari atxikitakoa."

Herritarren zerbitzuko jardunean eta Balioetan murgilduta


Herritarren zerbitzuko jardunean egin dudan ibilbidea oso luzea da, aspalditik datorrena, 1985etik hain zuzen, izan ere, garai hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazio Orokorreko Teknikariak aukeratzeko oposizioetara aurkeztu nintzen. Gero, 1991tik 1994ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Zerbitzuetako zuzendaria izan nintzen; 1994tik 2003ra, Bizkaiko Foru Aldundiko Erregimen Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendaria; 2003tik 2011ra bitartean, Gizarte Ekintzako Foru Diputatua; 2011tik 2012ra bitartean Lehendakaritzako Foru Diputatua eta Ahaldun Nagusiordea; 2012aren amaieratik 2015aren hasierara arte Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburua, eta 2015ko ekainaren 13tik aurrera, Bilboko Alkatea.

Esparru horietan guztietan egindako ibilbideek taxutu eta ondu naute nire erronkarik handienetakoa bihurtu den Bilboko Alkatetzako lanari aurre egin ahal izateko. Horien artekoa da, terrorismoaren indarkeria nagusi zen atsekabez betetako urte haietan Herrizaingo Sailean izandako esperientzia handia, politikaren arloko erreferentzia dudan Juan Mari Atutxaren eskutik; baita Gizarte Ekintzako Diputatu karguan gizartearekin hartutako konpromisoa, politikaren arloko hirugarren erreferente dudan Jose Luis Bilbaorekiko loturak eta adiskidantza finkatzeko aukera eskaini zidana, edota gerora, Enplegu Sailburu karguan egindako ibilbidea ere, besteak beste.

Horrek guztiak egin nau naizen bezala: hurbila, konprometitua eta pertsonen duintasunaren eta Estatuan parekorik ez duen gizarte-babes eta laguntzarako euskal sistemaren defendatzaile sutsua.

Nire grina, Athletic eta familia


Athletic da nire grinarik handienetako bat. Athleticeko bazkidea naiz 1972az geroztik, aitari esker. Aitortu behar dut: Athletic gustatzen zait eta futbola gustatzen zait betidanik. La Salle eta Deusto taldeetan jokatu nuen 18 urte bete arte, eta gaztetako aroa amaitu ondoren, OHOko 5. mailako umeak entrenatzen hasi nintzen, La Salle taldean eta Eskualdeko Bigarren Mailan. Hain da handia futbolarekin dudan grina, ezen, larunbatez ezkondu eta biharamunean partidua genuen, La Salleko Salestarrak Karrantzaren aurka. Eta hantxe agertu nintzen ni ere, Arantzaren konplizitateari esker.

Izan ere, Arantza da nire bizitza osoko maitasun handia eta bakarra. Une latzenetan sostengatzen nauena, nire bizitzan eta familia osoan lasaitasuna, oreka eta segurtasuna bermatzen duena. Semeei esaten diet aita langilea eta ekintzailea dela, bai, baina etxeko bizkorrena ama dela. Eta, halakoa da, zalantzarik gabe, emakume paregabea.

aburto
"Leial eta zintzoa naiz nire sinesmen eta idealekin, Athleticekin eta Begoñako Amarekin eta, batez ere, oso harro nago Bilbokoa izateaz."