PERTSONAK IZANGO DIRA AURRERANTZEAN ERE JUAN MARI ABURTOREN LEHENTASUNA ETA JARDUNAREN GAKOA

PERTSONAK IZANGO DIRA AURRERANTZEAN ERE JUAN MARI ABURTOREN LEHENTASUNA ETA JARDUNAREN GAKOA

  • Hautagai jeltzaleak lanean “atsedenik gabe” jarraitzeko konpromisoa hartu du inor atzean gera ez dadin, eta argi eta garbi esan du: “pertsonak ez dira zenbakiak, pertsonek aurpegia, bihotza eta begiak dituzte”.

Juan Mari Aburto Alkate eta berraukeratua izateko hautagaiak lanean “atsedenik gabe” jarraitzeko konpromisoa hartu du gaur goizean Txurdinagako Europa Parkean, inor atzean gera ez dadin eta Bilbok bikaintasunezko arreta izaten jarrai dezan Udal Gizarte Zerbitzuetan.

Aburtok esan duenez, pertsonak dira bere lehentasuna, bere konpromisoetako lehena, eta horren harira zera nabarmendu du: “pertsonak dira guztia: gure jardueraren erdigunea eta gure jardunaren ardatz nagusia”; “pertsonak dira, eta izango dira, nire Udaleko jardun osoaren gakoa”. Gainera, beren-beregi azpimarratu du: “pertsonak ez dira zenbakiak, pertsonek aurpegia, bihotza eta begiak dituzte”.

EAJ-PNVren hautagaitzak ekintzak indartuko ditu Bilbok umeekin eta familiekin adeitsua den hiria izaten jarrai dezan, hiri plurala, irekia, solidarioa, inklusiboa eta anitza. Adinekoei dagokienez, nahi ez den bakardadea gainditzeko ekimenen alde apustu egiten jarraituko du, hauen autonomia eta parte-hartze sustatuz eta adinekoentzako zentro berriak irekiz Txurdinaga, Abandon, Matikon eta beste auzo batzuetan. Gainera, bazterkeria-arriskuko egoerak detektatzeko lan egingo du, “esku-hartze azkarreko neurriak” bideratu ahal izateko.

Azkenik, Juan Mari Aburtok gogoratu du Bilbon emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna “egiazkoa eta eraginkorra izatea” nahi duela, “emakumeak libre senti daitezen, beldurrik gabe, erabat ahaldunduta”, eta ildo horretan, mezu garbi eta irmoa luzatu du: “emakumeei sentiarazi nahi diegu Udal hau haiengandik oso hurbil dagoela eta horma gaindiezina eraiki dugula indakeria mota guztien aurka, eta bereziki indarkeria matxistaren aurka”. Bere proposamenen artean, nabarmentzekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Udal Planaren eta Sexu Aniztasunaren Plan Estrategikoaren elaborazioa, baita Bilboko Emakumeen Etxea eta Emakumeak Ahalduntzeko Eskolaren sustapena ere.