“Segurtasuna babestu beharreko ondasuna dela” kontuan hartuz, Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta berraukeratua izateko Euzko Alderdi Jeltzalearen hautagaiak konpromisoa, inplikazioa eta proposamenak azaldu ditu esparru honetan hobetzen jarraitzeko. “Bilbo hiri segurua da. Halaxe egiaztatzen dute datuek, eta halaxe frogatzen du poliziaren jardunak. Eta begi-bistako errealitateak: Bilbo inbertitzeko, ekintzailetzan jarduteko, enpresa eta negozio berriak kokatzeko eta nazioarteko ekitaldiak antolatzeko hiri erakargarria da… Horiek guztiak ez lirateke Bilbora etorriko segurtasunik ez duen hiria balitz, pertzepziotik eta iritzi publiko edo publikatutik harantzago”.
Gaurko ekitaldia agintaldi honetan irekitako bi komisarietako batean egin da, Deustukoan, eta bertan, Aburtok Udaleko alderdi guztiek 2018an sinatu zuten Herritarren Segurtasunaren aldeko Itunaren garrantzia azpimarratu du: “oso-osorik bete dugu itun hori, ehuneko ehunean, eta ia urtebete aurreratu gara hasieran zehaztutako konpromisoetan”. “Denbora honetan ez gara gelditu, eta ez gara geldituko gure ahalegin guztiak Bilboko gizartean argi eta garbi islatu arte”, herritarren iritzi eta pertzepzioan.Eta delituak egiten dituztenen aurrean “irmotasuna eta ekintza. Jakin dezatela Bilbon ez ditugula maite. Soberan daudela. Haien bila joango garela. Eta ez dugula dudarik egingo zeregin horretan”.
Gainera, Juan Mari Aburtok, EAJ-PNVren hauteskunde-programan jasotako neurri zehatz batzuk aipatu ditu: Herritarren Segurtasunaren aldeko Ituna eguneratzea, kaleetan patruilen presentzia areagotzea, polizien arteko koordinazioan sakontzea (bereziki Ertzaintzarekin), Herritarren Segurtasunari buruzko Tailerrak antolatzen jarraitzea, Santutxu eta Boluetarako komisaria irekitzea, kalteberatasun handiko biktimentzako arreta indartzea, poliziaren eragingarritasuna hobetzeko teknologiak ezartzea, eta kalean egindako ganberrismo eta bandalismozko ekintzak, botilioiak eta zaratak murrizteko neurriak hartzea, besteak beste.