- Bilboko Alkatetzarako hautagai jeltzalearen esanetan, euskara “gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa da. Jatorriekin lotu eta kokapen berezi-berezi-berezia ematen digu gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan”.
Juan Mari Aburto Alkate eta berraukeratua izateko hautagaiak eragile sozial, kultural eta ekonomikoekin koordinatuta lan egiteko konpromisoa agertu du, Bilbon euskararen erabilera indartu eta zabal dadin.
Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, Aburtok argi eta garbi esan du: “euskara gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa da. Jatorriekin lotu eta kokapen berezia ematen digu gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan”. Hautagai jeltzalearen hitzetan, “euskara munduan bakarrak egiten gaituen aberaste kultural eta sozialerako tresna da”, eta EAJ-PNVren hautagaitzak aurrerapausoak ematen jarraituko du, “Bilbo tradizional eta abangoardista honek, tokiko zein nazioarteko Bilbo honek, Europa osoan aitortutako bitxirik preziagarrienetakoa babestu, sustatu eta zabal dezan: euskara”.
Datozen lau urteetarako, Aburtok bi erronka nagusi zehaztu ditu: alde batetik, hirian euskararen erabilera soziala indartzea, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea Udalaren barruko komunikazio-hizkuntza bezala.
Helburu horiek lortzeko, EAJ-PNVren hautagaiak hainbat ekimen aipatu ditu: Bilboko Euskararen Aholku Batzordea indartzea, euskara sustatzen duten tokiko eragileekiko etengabeko koordinazioa eta babesa, Bilboko Euskaltegietan matrikulazioa sustatzeko kanpainak, euskararen aldeko gizarte, erakunde zein parte-hartze bidezko ekimenetan modu aktiboan parte hartzea, euskarazko kultur adierazpideak (antzerkia, musika, literatura,…) sustatzea, euskara hiriko dinamika sozial desberdinetan sustatzeko kanpainak eta programak bultzatzea, eta udal zerbitzuek erabiltzen dituzten app, web eta tresna teknologikoetan euskararen erabilera indartzea, besteak beste.