- “Aurrera Batera! Bizkaia Mira al futuro” da EAJ-PNVk maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetarako aukeratu duen leloa, Alderdiak Euskadiren etorkizunaren alde eta lankidetzaren alde hartu duen konpromisoari erantzunez.
Gaur goizean, Sabin Etxean, EAJ-PNVren egoitza nagusian, Euzko Alderdi Jeltzaleak olana handi batean eman du ezagutzera maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako aukeratu duen claim-a: “Aurrera Batera! Bizkaia Mira al futuro”.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta berraukeratua izateko hautagaia, Elixabete Etxanobe Herri Administrazioetako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu eta Bizkaiko Ahaldun Nagusigaia eta Euzko Gaztedi-EGIko gazte talde bat ondoan zituela, lema hau aukeratu izanaren arrazoiak azaldu ditu: lankidetza eta etorkizuna. “Maiatzaren 28an jokoan dugu noren esku utzi nahi dugun gure etorkizuna, Euskadiren etorkizuna. Eta EAJ-PNVn etorkizunari aurre egiteko modu bakarra dugu: guztion alde jokatzea. Izan ere, etorkizunari begiratzea bezain garrantzitsua da nora begiratu jakitea”, adierazi du.
Gainera, Ortuzarrek azaldu duenez, Euskadin zehar egin den “Entzunez Eraiki” entzute aktiboko prozesuaren ondoren, EAJk oso argi dauka herritarrek “etorkizunari ilusioz eta anbizioz begiratzea nahi dutela”. Horrekin batera, “gure udalerriak eta lurraldeak hobetzen jarraitzea nahi dute. Bizi-kalitatea zaintzen jarraitzea nahi dute. Baina, gauza guztien gainetik, gauza bat nahi dute: etorkizunera beti egin dugun bezala begiratzea, elkarrekin, lankidetzatik abiatuta, konfrontaziorik gabe”. Horixe da kanpainako claim honetan islatu eta proiektatu nahi izan den konpromisoa.
Lema hau herri herri, hiriz hiri eta lurraldez lurralde egokituko da. Bilboren kasuan, hauxe izango da: “Aurrera, Batera! Bilbao mira al futuro”.