Barakaldoko BECen egin da gaur goizean maiatzaren 28ko hauteskundeetan EAJ-pnvren ordezkari izango diren hautagaiak aurkezteko ekitaldia. 700 hautagaiek bertara joandako 2.500 jelkide eta jeltzale baino gehiagoren babesa jaso dute.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko Presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak Euzko Alderdi Jeltzalean erantzukizunak hartzen dituzten pertsonen zerbitzu publikorako bokazioa nabarmendu dute. “Jendearen zerbitzuan gaude hemen” eta “gure helburua pertsona bakoitzaren bizi-kalitatea hobetu eta herri, hiri edo Lurralde hobea eraikitzen laguntzea da. Horixe da gure konpromisoa, gure betebeharra”, adierazi dute.
Ohikoa ez den formatuan antolatutako ekitaldian, Ortuzarrek aurkezlearena egin eta hainbat galdera luzatu ditu, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aldundi eta Hiriburuetako hautagaiek erronkari nola helduko dioten, nolako lehentasunak dituzten edo berraukeratuak izateak zer sentiarazten dien ezagutzeko asmoz: Bizkaian eta Bilbon Elixabete Etxanobe eta Juan Mari Aburto; Araban eta Gasteizen Ramiro Gonzalez eta Beatriz Artolazabal, eta Gipuzkoan eta Donostian Eider Mendoza eta Eneko Goia.
Bizkaiko hiriburuan, EAJ-PNVk ondoz ondoko hirugarren aldiz aurkeztu du Juan Mari Aburto, oraingo Alkatea, eta honek argi utzi du bere apustua “Bilbo moderno, erakargarri, jasangarri, seguru eta inklusiboa lortzea dela. Eta Bilbo honetan gazteei bizi-proiektua garatzeko aukera ematea, adinekoei maitatuak, artatuak eta zainduak direla sentiaraztea eta emakumeek aske sentitu eta askatasuna nahi duten moduan baliaraztea”. Era berean, “auzo guztien bizi-kalitate hobetzearen alde eta hiriaren garapen ekonomikoaren alde” lan egiteko konpromisoa agertu du, “pertsonak gure jardunaren erdigunean jarriz”.