Indautxun jaio nintzen 1961eko martxoaren 28an, ‘Esne tanta’ izeneko klinikan, gaur egun Indautxu hotela dagoen tokian.
Nire haurtzaroaren hasieran, 8 urte bete arte, Zurbaranen bizi izan nintzen, Guridi Musikariaren Plazan. Eta gero, Luis Briñas kalean, Ingeniaritza Eskolaren aurrean, eta 18 urte bete ondoren, Areetan bizi izan nintzen familiarekin, harik eta 1987an, Deustun ere lagun eta adiskide izan nuen Arantza Diez deustuarrarekin ezkondu eta… gaur arte.
Lehenengo, Santiago Apostolua Ikastetxean ikasi nuen, eta gero, Bilboko La Salle ikastetxean. Garai hartan, kalea izaten zen gure futbol-zelaia, eta Iribar eta Txetxu Rojo miresten genituen. 1979tik 1984ra bitartean, Zuzenbidea ikasi nituen Deustuko Unibertsitatean.
EAJ-PNVrekiko lotura nerabezarotik datorkit. 14-15 urte nituela, Alderdi Egunera joaten hasi nintzen, berezko gogoak bultzatuta. Bereziki gogoratzen dut 1982ko Alderdi Eguna, Getxokoa. Euri jasa itzela izan zen egun hartakoa, eta Arantzak eta biok gurasoen etxera joan behar izan genuen sikatzera. Halaxe ezagutu zuten aitak eta amak gerora errain izango zutena.
Egun hartan, EGIko mutil batek hitz egin zuen, Iñigo Urkulluk. Harrotasun osoz esan dezaket orduko gazte hura lagun dudala gaur egun; bere ondoan eta bere agindupean lan egin dut eta, niretzat, euskal politikaren erreferente nagusienetakoa da, zalantzarik gabe.