BILBOTARRENTZAKO GUTUNA
Bilbotar maiteok,
2019-2023 agintaldi honetako bi urtetan pandemiaren eraginpean egon gara, eta oso urte gogorrak izan dira. Bi urte horietan, asko sufritu dugu, eta senideak edo lagunak ere galdu ditugu. Horrekin batera, Errusiaren inbasioak Ukrainan sorrarazitako gerraren eragina pairatu dugu, eta pairatzen ari gara.
Baina zailtasun guztien gainetik, nire ustez, harro egon behar dugu lortutakoaz. Egoera horretatik onik ateratzea lortu dugu, eta elkarrekin lan eginez egin dugu aurrera. Bilbotarrok erantzukizunaren eta elkartasunaren eredu ederra izan gara, balioetan oinarritutako gizarte kohesionatua garela erakutsiz.
Datozen lau urteak ere garrantzi handikoak izango dira gure hiriaren etorkizunerako. Erantzuna eman beharko diegu trantsizio global handiek planteatu dizkiguten erronkei: trantsizio demografikoari, trantsizio sozialari eta trantsizio ekonomiko-digitalari. Eta bereziki, trantsizio ekologiko-energetikoari, mundu mailako larrialdi klimatikoari aurre egiteko.
Munta handiko erronkak eta munta handiko aukerak, zalantzarik gabe. Bilbo are hobea eraikitzeko aukerak, alegia Balioak indartuz eta Garapen Jasangarrirako Helburuek eta 2030 Agendak ezarritako lehentasunekin erabat lerrokatutako hiri-agenda osatuz. Horregatik, ilusioa eta itxaropena helarazi nahi dizkizuet, orainaz zein etorkizunaz.
Hona hemen nire eta nire Alderdiaren, EAJ-PNVren, konpromisoa. Badakizue nire estiloa ez dela promesak egitea. Nire estiloa atsedenik gabe lan egitea da, programa hau betetzen joateko. Bilboren alde eta bilbotarren alde lan egitea. Bilbo da nire pasioa, eta Bilboko pertsonak nire dedikazioa.
Zinegotziekin batera, lanean jarraituko dut Bilbo hiri moderno, erakargarri, jasangarri, seguru eta kulturazalea izan dadin, emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin. Hiri solidarioa, anitza eta inklusiboa. Bilbo guzti-guztiontzat, garapen ekonomikoaren eta kohesio sozialaren ildotik.
Bilbon gazteek prestakuntza hartzeko, disfrutatzeko, lan egiteko, etxebizitza bat eskuratzeko eta nahi duten bizi-proiektua garatzeko aukera izan dezaten. Gazteek oraina eta etorkizuna izan dezaten.
Bilbon adineko pertsonak protagonistak izan daitezen, maitatuak, artatuak eta, behar dutenean, zainduak senti daitezen. Den-dena merezi dutelako.
Bilbon auzo guztiak etengabe aurrera doan hiri erakargarri honen osagai izan daitezen, gertuko eta kalitatezko zerbitzuez hornituta.
Bilbon emakumeak libre eta ahaldunduak senti daitezen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin.
Bilbon pertsona guztiek eta auzo guztiek bizi-kalitatea hobetzeko aukera izan dezaten.
Hitz ematen dizuet nire konpromisoa zuetako bakoitzaren alde lan egitea izango dela.