“Bilboko kaleetan euskara gehiago entzun eta gehiago erabiltzea nahi dut”, adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta EAJ-PNVren alkategaiak, ondorengo agintaldian euskararen erabilera babestu eta sustatzeko abiaraziko dituen lehentasunezko ildoak aurkezteko ekitaldian. Euskara da Aburtoren hauteskunde-programan zehaztutako 10 konpromisoetako bat.
Hautagai jeltzaleak hitz eman du “etenik gabe” lan egingo duela Bilbo euskaldunagoa izan dadin, eta hiri moderno eta abangoardista honek euskara berezko bitxirik preziagarrienetakotzat jagon dezan.
Aitortu duenez, egun, Bizkaiko hiriburuak inoiz baino gehiago euskaraz egiten du, “baina guk gehiago nahi dugu, euskara entzun eta erabil dadila kalean, eskolan, unibertsitatean, saltolkietan, enpresetan… eta Udaletxean bertan. Ekar dezagun euskararen iraultza kaleetara, euskaraz hitz eginez, euskara ikasiz, praktikatuz, gure hizkuntza maitatuz”.
Juan Mari Aburtoren hitzetan, 2019-2023 epealdirako erronka bikoitza da. Alde batetik, euskararen erabilera soziala bultzatzea, gure hizkuntzak presentzia handiagoa izan dezan kulturan, kirolean, lanean eta Bilboko kaleetan. Eta bestetik, euskara Udalaren barruko eguneroko jardunari lotutako komunikazio-hizkuntza izan dadila lortzea.

