Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta EAJ-PNVren berrautaketarako hautagaiak Santutxu aukeratu du auzoei buruz eta irisgarritasunaren hobekuntzari buruz hitz egiteko. Izan ere, hori da datozen lau urteetan gainditu nahian dabilen erronka nagusietako bat, oraingo agintaldian jorratutako bideari jarraiki, eta horren harira zera ziurtatu du: “auzoetan buru-belarri sartzen jarraitu nahi dugu, batez ere irisgarritasunaren arazoak konpontzeko”.
Hautagai jeltzaleak iragarri duenez, beste aurrerapauso bat eman nahi du auzoen etengabeko hobekuntzan, irisgarritasuna bezalako zailtasunak konpontzeko. Horrekin batera gogoratu du, azken urteotan, Bilbo Hiri-Eraldaketa Orekatu eta Berritzailearen eredu bihurtu dela hemen eta nazioartean. Arrakasta hori, hein batean, hiriko auzo guztien eraberritze eta birgaikuntzarekin lotuta dago; hala nola, Otxarkoaga, Arangoiti, Bilbo Zaharra edo Miribilla.
Bilbon hirigintza arloan gauzatu den iraultza handi hori Barruti guztietara eramatea da Aburtoren helburua, erdigunearekin eta beste auzoekin lotuz eta garraiobideetarako, merkataritzarako, ikastetxeetarako zein kiroldegietarako sarbidea erraztuz. “Oztopo arkitektoniko guztiak kendu nahi ditugu bizimodua erosoagoa eta errazagoa izan dadin, adinekoentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat, seme-alaba txikiak dituzten familientzat… pertsona guzti-guztientzat”, adierazi du EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako hautagaiak.

Hiri osoko irisgarritasuna hobetzeko, EAJ-PNVk garrantzi handiko neurriak zehaztu ditu hauteskunde-programan. Besteak beste, igogailu gehiago jartzea -egun hirian dauden 40 igogailuez gain- eta jasogailu gehiago garatzeko proiektuak lantzea; Irisgarritasun Planarekin jarraitzea Barruti guztietan; galtzadak nahiz espaloiak mantendu eta egokitzeko Plana; eta auzoetako argiztapena eta argiteria apurka-apurka hobetzea.