Juan Mari Aburto EAJ/PNVren Bilboko Alkatetzarako hautagaiak segurtasunaren gaiari heldu dio gaur goizean Otxarkoagan, Udaltzaingoaren Komisariaren ondoan egindako ekitaldian. “Segurtasuna izan da eta izango da gure lehentasun nagusietako bat”, ziurtatu du. Jendaurreko agerraldian, hiriaren segurtasunari eusteko abiaraziko dituen ekimen eta proiektuak azaldu ditu.
Ildo horretan aurreratu du 2019-2023 epealdirako erronka lanean jarraitzea izango dela bi helburu handi hauek bermatu ahal izateko: bizikidetza eta segurtasuna auzo guzti-guztietan. “Izan ere, Bilbok garapen ekonomikoan, kulturalean eta sozialean gora egiten jarraitzea nahi baldin badugu, nahitaezkoa da Bilbo hiri segurua den errealitate horri eutsiko zaiola bermatzea”, adierazi du Aburtok.
Juan Mari Aburtok gogoratu duenez, agintaldi honetan aurrerapauso handiak eta irmoak eman dira. Horien artean, garrantzitsuena, Udaleko talde guztiek sinatu duten “Segurtasunaren aldeko Ituna” izan da. Horrekin batera, Hurbiltasunezko Polizia -herritarrekiko hurbiltasun handiagoa proposatzen duen eredu berria- garatzeko proiektua aurreratu eta 200 udaltzain baino gehiago kaleetan zehar ibiliko direla iragarri du, beste erakunde batzuekiko lankidetza eta koordinazioa hobetzeaz gain.
Laburbilduz, EAJ-PNVk Hiriko auzo guztietarako ekintza zuzenak proposatu ditu, Bilboko herritar guztiek segurtasuna sentitu, bizi eta antzeman dezaten. “Izan ere, gure kaleak, gure auzoak bilbotarrenak dira. Beti babestuko ditugu pertsonak, horiek baitira gure helburu nagusia eta bakarra”, ziurtatu du Aburto Alkateak.


